Paper-zorroa

Konturatu gabe, denbora aurrera doa nire irakasle ikasketen ibilbidean hasi nintzenetik. Ibilbide berri honetaz hitz egiten hasteko, atzera begiratzea beste erremediorik ez dut, lau-bost hilabete atzera. Kurtsoan zehar landu ditudan ikasgaiak mota guztietakoak izan dira, etorkizunerako batzuk besteak baino erabilgarriagoak.

Egia esan, orain arte asko ikasi ez dudanaren sentsazioa daukat, etorkizunerako baliagarria izango den ezer ikasi ez dudanaren sentsazioa hain zuzen ere. Hala ere, esan beharra daukat, lehenengo lauhilekoan nagusi zen arlo teorikotik haratago, praktika gehiago egiten ari garela lauhileko honetan, eskerrak! 

Ni, lan praktikoak egitearen alde dauden horietakoa naiz, ez zaizkit "txapa" bota eta ikasleek ikasgaia ulertu ote duten jakin gabe lasai-lasai etxera joaten diren irakasleak gustatzen. Eta horrekin nahikoa ez eta gainera, ikasleak, irakasleak argitu ez diona bere kabuz argitu beharra du, edo azterketarako "buruz ikastea" beste erremediorik ez du.


Nire hezkuntza ibilbidean makina bat irakasle izan dira horrelakoak eta ni, egunen batean irakasle izaten banaiz, argi daukat ez naizela metodologia horretaz baliatuko, edo hobeto esanda, ez nuke akomodazioan oinarritutako metodologia horretan erori nahi. 

Zergatik gustatzen zaidan praktikan oinarritutako heziketa? Ba, nire ustez, informazio berriak barneratzeko modu hoberena delako, ez epe laburrerako bakarrik, epe luzerako ere bai. Egia da zenbait ikasgaik ezinbestekoa dutela azalpen luze bat, eta zaila izaten dela horrelakoetan lana atseginago eta entretenigarriago egitea; baina, beste askotan, ikasgaiak berak eskatzen du klasean dinamika bat sortzea, ikasleak irakaslearekin eta ikasleak ikasleekin elkarlanean eta interakzioan aritzea, eguneroko bizitzan gerta daitezkeen egoera errealekin lanean aritzea. Hortaz, ni Edisonekin ados nago esaten duenean: "La práctica sin teoría es ciega, la teoría sin práctica es inútil".

Hausnarketa txiki hau alde batera utzita, zaila egiten zait jarraitzea aurretik zera esan gabe: Ni, betidanik izan naiz buruari buelta asko ematen dizkion horietakoa. Hausnarketan orduak eta orduak eman ditut (eta ematen ditut), baina gauza bat ez dut gustuko, nire hausnarketa pertsonalak publikoki (eta Interneten gainera) agertzea. Badakit aberasgarria izan daitekeela gure sentimendu eta momentuan momentuko bizikerak beste pertsonekin konpartitzea, izan ere, denok dugu asko eskaintzeko. Baina, hala eta guztiz ere, nahiago izaten dut nirea hurbileko pertsonekin konpartitu edo interesgarria zaion pertsonarekin harremanetan jarri eta lehenengo pertsonan dena delakoa kontatzea. Idatziko dudana baliagarria izango ote den edo ez zalantza hori buruan dudala, ikasgai honek horrela eskatzen duela eta, ez diot aurpegi txarra jarriko blogean idazteari.


Azken egunetan ikasgelan gerta daitezkeen kasuak eta kasuak ikusten ari gara, eta gehienetan planteatzen digutena da ea guk, irakasle bagina, kasu horien aurrean nola jokatuko genukeen. Horietako batzuetan, zaila egiten zen irakaslearen jokabide egokia zein izango zen azmatzea, irakaskuntzan zaila baita subjektibotasunaren eta objektibotasunaren arteko mugak zehaztea. Argi dago gure eskura dagoen guztian ikaslearen onerako aritzen saiatuko garela, baina ongi egingo al dut nik etorkizunean? Egia esan, gure esku hainbesteko erantzunkizuna izateak sarri izutu egiten nau aurrera begira. Baina, itxaropentsu nago, hurrengo urtean hasiko ditugun praktiken bidez beldur hori kendu ahal izango dudalakoan.

Jada iritsi da lan-modularrarekin lanean buru belarri hasteko garaia. Lan asko dugu egiteko. Lanari hasiera emateko, eskola baten behaketa egitera joan gara, Tolosako Laskorain Ikastolara hain zuzen. Hasteko, deigarria egin zaigu haurrak, gu ikasgelan bertan "ikuskatzaile moduan" egonda ere, ez aztoratu izana. Klasea hasi denetik adi-adi egon gara, egin behar dugun lanerako baliagarria izango zitzaigun dena delakoa hautemateko. 

Onartu beharra daukat, klasearen bukaerarako aspertua nengoela, izan ere, irakasleak ordu osoa eman du lerro paraleloak eta lerro perpendikularrak zer ziren azaltzen, behin eta berriro errepikatuz. Nire ustez, behaketa honetatik atera dezakegun alderdi garrantzitsuena, egin beharko dugun txostenerako informazioa lortzea baino gehiago, irakasleak ikasleen arreta lortu eta hauek edukiak errazago barnera zitzaten erabili dituen teknikak dira. Nabarmena izan da, batetik, lehenago esan dudan bezala, dena asko errepikatzen zuela; bestetik, ikasi beharreko kontzeptuak errazago ulertu zitezen eguneroko bizitzara eramaten saiatu da, adibideak ikasgelako objektuekin erlazionatuz esaterako; gainera, ikasleek arreta galtzen zutela ikusten zuenean tonu aldaketa egiten zuen edo galderarenbat luzatu.


Horrez gain, esan nahiko nuke ikasleen lekuan eserita egotea esperientzia polita izan dela. Urteak aurrera pasatu direla konturarazi dit eta eskola garaiko oroitzapenak ekarri dizkit gogora. Aurrean nituen haurrak beste belaunaldi batekoak ziren arren, eta nik ikasitako eskola eta bisitatutako eskola hurbil egon ez arren, antzekotasun handia ikusi dut bien artean. Ikasleen portaerak, batzuen eta besteen rolak, ... nire garaikoekin lotu ditut, eta sentsazio atsegina izan da. 

Ikastola bisitatu ostean, taldekook, hau da, Marina, Irati eta hirurok, lan modularrerako baliagarriak izango zaizkigun liburu eta beste motatako baliabideetara jo dugu. Azken aldian, orduak eta orduak ematen ditugu liburutegian sartuta. Egia esan, ez da batere erraza hainbeste liburuten artean zerbait erabilgarria topatzen, edo erabilgarria izango zaigun asmatzen. 

Konpetentziak, helburuak, edukiak, gora eta behera ibili eta gero, kurtsoa amaitzear da jada, eguzkiak gero eta indartsuago jotzen du, uda datorren seinale. Eguzkia, eguzkia ez dut beti lagun. Kalera ateratzeko grina sorrarazten dit, lasaitasuna, alaitasuna, bizipoza. Eta pentsatzen jarrita, zer du txarra ba horrek? Ba azterketa garaian kalera ateratzeko behar horrek ez duela onik egiten!

No hay comentarios:

Publicar un comentario