miércoles, 1 de febrero de 2012

Gu, irakasle bezala, zein eremutan arituko gara?

Hasiera batean, ea gu irakasle bezala zein eremutan arituko garen galdetzen digutenean, burura datorkigun lehenengo erantzuna hezkuntza formalean kokatuko garela da. Nire kasuan, momentu honetan behintzat, ikasgela bateko tutore baino gehiago hezitzaile berezi moduan ikusten dut nire burua, edo musika edo plastikako irakasle moduan, zergatik ez.

Hala ere, enuke alde batera utzi nahi hezkuntza ez-formalaren eremua. Izan ere, gaur egun, nabarmena da indarra hartu dutela, esaterako, eskolaz kanpoko akademiek. Eskolarekin nahikoa ez, eta gurasoek beren seme-alabak akademietara eramaten dituzte beren ikasketa prozesuan laguntza jasotzeko edo, besterik gabe, ikasketa prozesu hori beste alor batzuekin osatzeko. Azken horien artean dago, adibidez, musika eskolaren funtzioa.

Bizitzaren etapa bakoitzean pisu gehiago izaten du eremu batek edo besteak. Jaio eta lehenengo bi urteetan gutxi gorabehera, esaterako, hezkuntza informala da jasotzen duguna; urte horietan familiak izugarrizko garrantzia hartzen baitu, ez baikara eskoletara edota eskolaz kanpoko jarduerak egitera joaten. Horrek ez du inondik inora esan nahi bi urtetik aurrera ez dugunik hezkuntza informalean jarduten. Are gehiago, hezkuntza informala gure bizitza osoan zehar egunero ematen den hezkuntza eremua da, kaleko hezkuntza.

Amaitzeko, nire ustez, aipatutako hezkuntza eremuak bata bestearekiko osagarriak dira, eta guztiek dute garrantzi handia pertsonaren garapenean. Hiru horien arteko jardunean dago, hain zuzen ere, pertsonaren benetako garapena, aberastasuna.


No hay comentarios:

Publicar un comentario